Herriko Historioa

Barakaldoko Elizatearen sorreraren data eta datu zehatzak denboran zehar ahaztu dira.

Udaletxea 1920Lehenengo biztanle gunerik garrantzitsuena “Punta” deritzon Galindo ibaiaren bokalean sortu omen zen, aparteko merkataritza-produkzio eta portuko jarduera gunearen oinarria baitzen.


Herrialdearen ebanjelizazioaren ondoren, 50 etxe baino gehiago zuen gune hori Elizate bihurtu zen lurraldearen eliza-antolakuntza ezarri zenean. Erromatar komentu juridikoen jurisdikzioetan oinarria zuen antolakuntza horrek.

Foru pasealekua 1925 Barakaldoko historia hiru denboralditan bana daiteke. Lehenengo aldiak milurteko bat baino gehiago du, baina ez dago horren berririk. Bigarren aldian, Elizatearen sorrera gertatzen da, eta badakigu 1051n López Velázquez jaunak zuela jauntza, Izendapenaren eskrituran azaltzen denaren arabera, non On Iñigo López Barakaldoko Jaun tituluaz agertzen den.

Aldi horretan, 1340an, Done Bikendi Elizatearen sorrera nabarmentzen da, Barakaldoko Sancho López, Zorrotzako Lope Gonzalo eta Galindo Retuerto jaunek hirurenean sortu zutena, Erandioko Santa Mariatik bereiziz, eta bereizi ekaitz gogorrak zirenean, tarteko itsas besoa igarotzeak zekarren arriskuagatik egin zen. Aipatutako jaunen ilobek Butrondarrei eta García de Salazartarrei saldu zieten elizatea.

Barakaldon hiru familia nabarmentzen dira: Retuertotarrak, Susunagarrak eta Irauregitarrak. 1370ean Banderizoen arteko borroka latza hasi zen, eta horren ondorioz, Lege Zibilaren defentsarako Ermandadeak eratu. Bandoen arteko bakea Bizkaiko Korregidoreak, Gonzalo Morok, lortu zuen.

A.H.V. 1926Hirugarren aldia Enkarterrietatik banatzean hasten da, Bizkaiko jaurerriarena izatera pasatuz: 1366an, Bizkaiko lurralde lauarekin bat egin zuen Elizate gisa, Uribe merindadean, Bizkaiko Tello jaunaren emakidaz, hitzartutako kopuru baten truke eta Lope García de Salazar-ek “Bienandanzas y Fortunas”-en dioenez, “E por poderío de Vizcaya e del Solar de Butrón, a pesar de los de Retuerto, porque los vesinos eran más poderosos, e en el tiempo quel Solar de Muñatones fue mucho decaydo por la guerra de las casas de la Sierra de San Martín”. Gernikako Batzar Nagusietan 33 jesarlekua eta botoa egokitu zitzaion, bi fielen esku . Orduan Elizateak berrehun su zituen.

Garai honetan bazebiltzan lehenengo burdinolak, jadanik erromatarren garaian sortuak. Erromatarrak izan ziren ur-errotak sartu zituzten lehenengoak, burdinaren industrian lehenengo iraultza sortu zutelarik.

Lehenengo burdinolak mendietan ezarri ziren, mea ugari eta egurra ematen zuten basoetatik hurbil. Ura garbiketarako eta tenplaketarako baino ez zen erabiltzen. Horregatik, Kadagua, Nerbioi eta Galindoren artean ezarri ziren burdinolarik onenak.

Azpimarratzekoa da Barakaldok izan zituen lehiak eta borrokak inguruko hiribilduekin, Bilborekin bereziki. Frankizia, itsas-lehia eta merkataritza arazoekin hasi ziren eta Retuerto deitutako borrokan amaitu zuten, Barakaldokoak atera zirelarik irabazle.

Ansio

1499an Kondestable Jaunak, Pedro Fernández Velasco jaunak, Barakaldo –Lutxanako Dorreen ondoan-hiribildu eta portu bihurtzeko ahalegina egin zuen, eta beranduago bere semeak Zubiletan egitea erabaki zuen. Saiakera biak alferrikakoak izan ziren, Hiribildua garaile atera baitzen.

Meatze herriekin ere lehiak izan zituen. 1664an Gernikako Batzar Nagusietan Barakaldok bere kexa adierazi zuen, zeren eta Somorrostroko mea esplotatzeko baimena izan arren, hiru Kontzejutako auzotarrek (San Salvador, Sestao eta Santurtzi) galarazten baitzioten, jendea preso hartu eta isunak jartzen zizkiotelarik. Kontzejukoek, azkenean, beraien meatze-asmoak ezarri zituzten, eta Elizateari kanpanilen eta errubioen zamalanetan aritzea besterik ez zitzaion geratzen, Beurko, Lutxana eta Galindoko kaietan.

CrucesHasieran, leku guztietako jendearentzat meatzea oso erakargarria izan bazen ere, laster industrializazioak apurka-apurka inmigrazioaren grabitate-zentroa Barakaldora aldarazi zuen, hirigintza eta industrializazio prozesuak batera doazelako. XIX. mendearen erdialdean, 1864an, Juan E. Delmasek hiru lantegiren testigantza eman zuen Barakaldori buruz aritzean. Lehenengoa Mwinckel, Arregi eta Cia. jaunena, bigarrena Santa Agedarena eta hirugarrena Ibarra eta Cía. jaunena.

Azken lantegi hau, Nuestra Señora del Carmen, Ibarratarrek ezarri zutena Galindo ibaiak Bilboko itsasadarrarekin bat egin duen lekuan, Bizkaiko siderurgi-industriaren oinarririk garrantzitsuena izan zen. 1882an, “Altos Hornos y Fábrica de Hierro y Acero de Bilbao“ elkartea eratu zen. Geroago, “Iberia”rekin bat eginez “Bizkaiko Labe Garaiak” elkartea osatu zen, ordutik, Espainiako ekonomia industrialaren erakusgarririk handiena izan zelarik.

Industrigune garrantzitsu bihurtzeak migrazio-mugimendua azkartzea ekarri zuen eta XX. mendearen zati handi batean, Barakaldoko hazkunde demografikoa izugarria izan zen, Estatuko udalerririk (ez hiriburua) jendetsuena izatera heldu zelarik. Beraz, harro egoteko moduko errekorra ez ezik, Barakaldo ekonomikoki ezinbestekoa zela adierazten zuen seinalerik argiena ere izan zen. Hiriko espazioen banaketa egoera berrietara moldatu zen, eta bai kolore grisak eta bai hiriko desordenak –Europa mailan industria guneen identitate ezaugarriak- dena inbaditu zuten, baina hortik eratorritako garrantzi ekonomikoak zerbitzu-sektore garrantzitsuaren loraldia eragin zuen, merkataritza ez ezik merkatal guneak, banketxeak eta aseguruak ere Barakaldon ezarri zirelarik, txikiak eta handiak elkarrekin biziz.

Bide Onera

Hirurogeita hamarreko hamarkadan, erreferentzi puntu industriala izateari utzi zion Barakaldok, industria nagusia kolokan jartzen hasi baitzen, eta jarduerak behera egitean izugarrizko kolpea izan zen, bizitza lan eginez ulertzen zutenentzat. Bizkaiko Labe Garaiak ixteak egoera gogorra ekarri zuen, hala ere, Barakaldok etorkizun oparoa ekartzeko moduko baloreak ditu. Bertako jendearen lana eta ahalegina dira suspertzeko eta aurrerantz joateko ondasuna, harik eta bizitzeko eta lan egiteko hiri bihurtu arte.

 

Krisi industrialaren ondorioz, oinarri ekonomikoa erortzeak lanpostu kopuru garrantzitsua galtzea ekarri zuen, baita erosteko ahalmendun aurre-erretiratuen eta erretiratuen kopurua handitzea ere. Sektore horrek, ordea, ez du produzitzen, eta bestalde, gazte multzo bat -“baby-boom”etik datorren hirurogei hamarkadako belaunaldikoak- ezin da lan mundura sartu, eta andereak ere etxetik kanpoko lanera sartzeko gero eta gogo handiagoa dauka. Horren guztiorren ondorioz, jarduera berriak sortuko dira, ekonomia berpiztuz.

Barakaldo AntzokiaBerriztatze ekonomikoa Portuaren eta Aireportuaren garapenaren eraginez sortutako industria berriak ezartzean, eta aurreko akatsak ekidinez, espazio horiek hiriguneetatik hurbil egotean datza. Industria berri horiek lehengo industriek utzitako lurra berrerabiliko dute, egoitza erabilerarekin bateratu daitekeen jarduera ekonomikoa ezartzeko . Horretarako, jarduera zaharrak desagertu ondoren geratu diren espazio libreak lotzeko komunikazio-sistema berriak sortu eta kale berriak egin behar dira, hiria itsasadar bazterrera hurbilduz, oso zaharrak diren etxebizitzak ordezkatuko dituzten eraikuntzak onartuz.


La torre

Merkataritzaren garapena da aukerarik garrantzitsuenetarikoa, Barakaldo Metropoliko kontsumo gune bihurtuko duelarik bai eta mugakide diren herrialdeen erakarpen puntu ere. Merkatalgune hori jadanik daudenen osagarri izango da, eta ez lehiakide. Hirigunean dagoen ohiko merkataritza mantentzeko oinezkoentzako kaleak jarriko dira, bai eta espazio libreak eta lurpeko aparkalekuak sortuko ere.